2015(e)ko otsailaren 16(a), astelehena


INAUTERIAK 2015

            Ostiralean herria kolorez jantzi genuen ikastolako haur, langile eta gurasoek! Oso egun polita eta alaia izan zen! Eskerrik asko parte hartu zenuten gurasoei! Hemen lagatzen dizuegu ostiraleko argazkiekin egindako bideo bat! Gustoko izatea espero dugu!

2015(e)ko otsailaren 6(a), ostirala

Gaurkoan, Manex Beristain-en  psikomotrizitatearen inguruko artikulu bat lagatzen dizuegu. Psikomotrizitatea bere osotasunean zer den ederki azaltzen duen artikulu interesgarria.  
            Irakurtzera animatzen zaituztegu, ziur  gustoko izango duzuela eta baliagarri topatu ere ! Asteburu ona pasa!!

Psikomotrizitatea bizitzan



Haurrak psikomotrizitate gelatik gustura ateratzen direla ez dago zalantzarik. Gainera azken urteetan psikomotrizitatea ezaguna egin bada, hori haurrei esker izan da.
Haurrek gela barruan gertatu dena kontatu egin dutelako ondoren kanpoan, bai hitzez, emozio desberdinez nahiz irribarre batekin, gero gurasoek ahoz- aho zabaldu dituzte euren haurren ilusio eta bizipenak  eta pixkanaka jendartearen belarrietara iritsi da psikomotrizitatea. Beraz indarra hartzen ari den tresna eder eta egoki bat dugu esku artean.
Psikomotrizitatea gelatik ateratzen saiatuko naiz eta bizitzan kokatzen, haurrak bere bizitza jolasten duelako psikomotrizitate gelan. Bertan, bere beldur, desio, segurtasun eta fantasiak jolasaren bidez landu nahiz garatzen ditu. Eta espazio horretan lortzen dituen estrategia guztiekin kanpora doa, gelatik kanpo bizitzak aurrera jarraitzen duelako.
Pertsona eta kasu honetan haurrarekiko errespetua da psikomotrizitatearen oinarria. Errespetua zentzu guztietan eta esaldi orokor bat aipatzen hasita: “haurra tratatu dezagun, gu tratatuak izatea gustatuko litzaiguken eran” aipatuko nuke.
Psikomotrizitatea BIZITZA ULERTZEKO modu bat da.
Haurraren potentzialtasunean sinesten dugu eta bere gaitasunak hartzen ditugu eta zailtasunak gainditzeko erabili. Adibidez: mugitua den haur baten kasuan, haurraren mugimendua bera gaitasun bezala ikusiko genuke eta gaitasun hori erabili lasaitasunerako bidea egiteko.
Haurra, bere historiaren protagonista bezala ikusten dugu eta bere garapenaren erritmoa errespetatzen saiatuko gara. Horrek, haurrarekiko gure itxaropen eta desioak albo batera uztea ekarriko luke. Haurra gai da txikitatik aukeratzeko zer komeni zaion eta zer nahi duen, hazten joateko.
Haurraren aldaketa gaitasunean sinesten dugu, gai delako konturatzeko, ilusionatzeko, esperimentatzeko, sortzeko, apurtzeko, desagertzeko, emozionatzeko eta inportanteena, erregulatzeko. Gai da jakiteko noiz den gose edo nahiko jan duen, noiz duen hotz, noiz bero, noiz dagoen aspertuta edo noiz egon nahi duen lasai. Guzti hau emateko, egokia litzateke konfiantzazko eta ziurtasun afektibozko giro bat eskaintzea. Bere adierazteko eta esperimentatzeko askatasuna kontuan eduki behar dugu eta gure esku hartzeak haurraren ekintzari ate berriak ireki behar lizkioke eta ez ekintza bera amaitu.
Psikomotrizitatea PERTSONA ULERTZEKO modu bat da.
Gorputza modu globalean ulertzen du, bere afektu, emozio eta pentsamenduarekin. Haurra psikomotrizitate gelara pozik edo zalantzaz beteta datorrenean, sentimendu horiek gorputzean ikusten zaizkio (irribarrea, burua behera begira, ziurtasuna, mugimendu motelak…) eta baita ere pentsamenduan (isiltasuna, hitz egiteko gogoa, arnasketa bizia…). Beraz ez genuke ahaztu behar gorputza pertsona dela eta bere komunikatzeko tresna nagusia gorputza dela.
Bizipen eta sentipenen kalitateak bizitzari zentzua ematen diote. Helburua ez da uneoro haurrak ahalik eta bizipen onenak bizitzea. Baizik eta, bizitzen dituen bizipen horiek sortzen dizkioten emozioak nola bizitzen dituen. Izan daitezke emozio positiboak edo ez hain positiboak, baina berdin dio, emozio horien aurrean haurrak hartzen duen jarrera da inporta zaiguna. Edo etsi egiten duen emozio negatibo baten aurrean, edo bere onetik ateratzen den emozio positibo baten aurrean. Egoera horietan helduaren papera garrantzitsua da, epaiketa, arrazoiketa eta aholkurik gabeko enpatia emanez. Entzun, ondoan egon eta haurraren beharretan zentratu. 
Psikomotrizitatea haurraren espresibitate motorean zentratzen da. Mugimendua eta emozioaren arteko harremana bultzatzen du, modu askean. Haurrak, munduan egon eta izateko modua lantzeko aukera du psikomotrizitate gelan. Bi arau soilik babesten dute haurraren espresibitatea : minik ezin da eman eta minik ezin da hartu. Beraz beste guztia libre da, libre da norbera izatea, bere osotasunean eta haurrak 0-3 urteko etapa horretan bizitako kalitatezko eta ez hain kalitatezko bizipenak jolasen bitartez birbizitzen dituzte. Eta horrek oinarri emozional, kognitibo eta fisikoa eraikitzeko aukera emango die.
Psikomotrizitatea HEZIKETA ULERTZEKO modu bat da.
Haurraren berezko edo borondatezko jolasa bultzatzen du, modu naturalean eta askean. Haurraren jolasean galdera errepikatuena, “eta hau egiten badut zer gertatuko ote da?” dela pentsatzen dut. Egoera ezezaguna ezagun bihurtzeko joera hartzen du normalean, esperimentatuz eta bizirik mantentzen lagunduko dizkion galdera txikiak eginez. Haurrarentzat jolasa eta gehiago, berezko jolasa bizitza baita.
Haurrari hitza ematen dio psikomotrizitateak. Hitza bere zentzu zabalean. Hitzen bidez, baina gehienbat mugimenduaren bidez. Eta horretarako espazio zein giro egokia prestatzen diogu, seguru sentitu dadin eta segurtasun horretatik landu ditzan bere beldur eta segurtasun faltak edo bere ilusio eta desioak.
Maitasunean oinarrituriko komunikazioa landuko dugu. Gertutasuna eta enpatia zutabe bezala edukiko ditugu. Gertutasun fisiko nahiz emozionala eta epairik gabeko enpatia. Haurra seguru sentitzea izango da aurreneko pausua eta konfiantza da segurtasunaren oinarria. 
Ispilu egokitua ematen saiatuko gara. Haurraren ekintzak deskribatuz, bere identitatearen eraikuntzan lagunduko diogu. Haurrak baloratua izan den bezala baloratuko du bere burua. Nahiz eta auto-estimak ez duen zenbakirik, badu indar bat norbere burua maitatzen eta errespetatzen laguntzen diguna.
Beraz hiru elementu azpimarratuko nituzke norbere pertsonatik hasita hazten eta hezten joateko: errespetua, maitasuna eta konfidantza.