2019(e)ko azaroaren 4(a), astelehena

Egokitzapenetik egunerokotasunera


Egokitzapenetik egunerokotasunera


Kaixo familia, 

          Ikasturtea hasi genuenetik pasa dira bi hilabete . Lehen hilabetean egokitzapenean murgilduta egon gara, baina bagoaz poliki poliki egunerokotasunera ohitzen. 


          Dakizuen bezala, garrantzi handia ematen diogu egokitzapenari, gogorra izaten da eta kurtso hasiera guztiontzat. Familiarengandik banatze une hau lasaiagoa eta errazagoa izateko asmoarekin egiten dugu. Haurraren ongizatea bermatzea da helburu nagusia.


           Haurrak erreferentzi pertsona bat behar du eskolan, atxikimendu irudi seguru bat, hau da, testuinguru berri horrek eskaintzen dizkion aukerak esploratzera abiatzeko oinarri seguru bat. Haurrarentzat irakaslea atxikimendu irudi seguru bihurtzen denean; bere buruarekin seguru sentitzea, beldurrak ekiditea, ikastolan gustura ibiltzea, beste haurrekin harreman aberatsagoak egitea eta esploratzen hastea lortuko du.

           Horretarako behar-beharrezkoa da denbora, elkar ezagutzeko eta tokia eta laguntxo berriak ezagutzeko. Honez gain, sarritan haurrak bere erritmo biologikoak egokitu behar izaten ditu.Guraso eta irakasleen arteko konfiantza ere beharrezkoa da, horregatik, konfiantzazko lan-talde bat sortu behar dugu.

           Esan bezala, garrantzitsua da haurrari behar duen denbora ematea, egokitzapena ez baita prozesu lineal bat. Haur bakoitzak bere denbora eta erritmoa behar du eta irizpide batzuk markatuak izan arren, ume bakoitzaren arabera moldatzen joaten gara, ez dugu prisarik izan behar. 
          
         Beraz,  laburbilduz, egokitzapen fasea ahalik eta positiboena izateko eta ikastolara eta honen ingurunera ahalik eta ongien egokitzeko, ezinbestekoa da, alde batetik,  haur bakoitzaren erritmoa errespetatzea, presiorik eta konparaketarik  gabe eta bestetik, senide eta hezitzaileen arteko elkarlana,  gure arteko konfiantzak haurra lasaitzen baitu.

       Hemendik aurrera zuen haurren egunerokotasunaren inguruko informazio desberdina topatuko duzue hemen.  


       Jarraian, HH0 eta HH01eko haurren egokitzapen garaiko  argazkiak lagako dizkizuegu eta HH2koenak  Alexia plataforman topatuko dituzue, gustoko izatea espero dugu.