2014(e)ko urriaren 13(a), astelehena



EGOKITZAPENA


             Gogorra izaten da kurtso hasiera guztiontzat, batez ere lehendabizikoz ikastolara etortzen diren haur eta gurasoentzat. HH 0-2 urteko haur batzuek,  beraien familiarengandik  bizi duten lehen banatze unea da.Hasiera eta banatze une hau, errazagoa eta lasaiagoa izateko, oso garrantzitsua da egokitzapen prozesua haurrentzat.

            Egokitzapenaren helburu nagusia haurraren ongizatea bermatzea da. Haurrak erreferentzi pertsona bat behar du eskolan, atxikimendu irudi seguru bat, hau da, testuinguru berri horrek eskaintzen dizkion aukerak esploratzera abiatzeko oinarri seguru bat. Haurrarentzat irakaslea atxikimendu irudi seguru bihurtzen denean; bere buruarekin seguru sentitzea, beldurrak ekiditea, ikastolan gustura ibiltzea, beste haurrekin harreman aberatsagoak egitea eta esploratzen hastea lortuko du.

           Horretarako behar-beharrezkoa da denbora, elkar ezagutzeko eta tokia eta laguntxo berriak ezagutzeko. Honez gain, sarritan haurrak bere erritmo biologikoak egokitu behar izaten ditu.Guraso eta irakasleen arteko konfiantza ere beharrezkoa da, horregatik, konfiantzazko lan-talde bat sortu behar dugu.

           Esan bezala, garrantzitsua da haurrari behar duen denbora ematea, egokitzapena ez baita prozesu lineal bat. Haur bakoitzak bere denbora eta erritmoa behar du eta irizpide batzuk markatuak izan arren, ume bakoitzaren arabera moldatzen joaten gara, ez dugu prisarik izan behar. 
          
         Beraz,  laburbilduz, egokitzapen fasea ahalik eta positiboena izateko eta ikastolara eta honen ingurunera ahalik eta ongien egokitzeko, ezinbestekoa da, alde batetik,  haur bakoitzaren erritmoa errespetatzea, presiorik eta konparaketarik  gabe eta bestetik, senide eta hezitzaileen arteko elkarlana,  gure arteko konfiantzak haurra lasaitzen baitu.

2014-2015 IKASTURTEA

Kaixo lagunak!

      Ongi etorri HH 0-2ko blogera! Ikasturte berriaren hasierarekin batera martxan jarri dugu gure bloga ere. Beraz, hemendik aurrera gure txikitxoen argazki, bideo zein bestelako informazio-artikuluak ikusteko aukera izango duzue.

         Gustukoa bezain interesgarria izatea espero dugu.

HH 0-2ko hezitzaileak